AEAren aurkako tratamenduan ikertzera bideratuko da Amurrion urtarrilaren 19an egingo den San Antongo Azokako enkantetik ateratako dirua

Baserriko eta artisautzako produktuen laurogeita hamar postu inguru egongo dira

San Antonen Lagunak Elkarteak dagoeneko ia prest du urtarrilaren 19an, igandean, santu horren omenez egingo den festaren programa; hainbat ekitaldi egongo dira, baserriko produktuen enkante berezia barne.

Urtero bezala, jai solidarioa izango da. Edizio honetan, San Antongo enkante tradizionalean jasotako dirua AEA aurkako tratamenduak ikertzeko erabiliko da; AEA edo alboko esklerosi amiotrofikoa gaixotasun degeneratibo neuromuskularra da. “Lagundu egin nahi dugu, gure alea jarri, gaixotasun horren aurkako borrokan; horretarako, inoiz baino gehiago, zuen laguntza beharko dugu” esan dute antolatzaileek.

Baserriko eta artisautzako produktuak izango dituzten laurogeita hamar postu inguruk osatuko dute San Antongo Jaia Amurrion.

Gainera, txartelak salgai egongo dira txerriaren zozketan parte hartzeko, udalerriko hainbat saltokitan eta txosnan, azokaren egunean bertan.

Ermitan meza egotea aurreikusten da programan, nahiz eta ez den ordua zehaztu.

Enkantea 12:30 inguruan hasiko da. Egun horretako giroa alaitzeko, Otxote Ugarte eta Fanfarre Tabarra taldeak izango ditugu.